hip-hopeguna
HIP-HOP EGUNA

Euskal Herrian geroz eta gehiago dira Hip-Hop kulturagatik erakarrita sentitzen diren gazteak. Hip-Hopa 80. hamarkadan AEB-etako auzo txiroetan sortutako mugimendua da, espresiobidea. Ideiak eta sentimenduak adierazteko modua da Hip-Hopa eta horretarako, idei eta sentimendu horiek adierazteko, baliabide desberdinak erabiltzen ditu. Rap musikak, doinu eta letren bitartez, ahozko espresioa adierazten du, kantatzeko eta musika egiteko modu berezia (scratcharen teknikak lagunduta). Break dantzak gorputzaren espresioa ahalbideratzen du. Gorputza, lurrarekin harreman estuan eta musikaren laguntzaz, mugimendu ikusgarrien bidez, espresio tresna bilakatzen da. Graffitiarekin, idei eta sentimenduak, irudi bihurtzen dira. Espraiaren teknikaz baliatuz panel edo paretak orri zuriaren papera jokatzen dute. Hip-Hop mugimenduaren espresio desberdin hauek HIP-HOP EGUNEN bidez erakutsi nahi ditugu.

TOPIKOAK APURTZEN
Hip-Hop hitza, normalean, rap musikarekin erlazionatzen da soilik, gainontzeko elementuak kontutan hartu gabe. Aurrez azaldu dugun bezala, Rap musika Hip-Hop mugimenduaren osagai garrantzitsua da, baina ez da bakarra. Hip-Hopaz ari garenean, askori, begirada zatarreko beltz gihartsua datorkie burura; beisbol txapela buruan eta urre koloreko kateak lepoan dituela, “mother fucker” (puta semea) eta horrelakoak garrasika ari dela. Gaur egun, komunikabideetan, rap abeslari “makarra”ren irudia saldu nahi digute. Auzo txiroan bizi arren buruan soilik kotxe dotoreak, igerilekudun jauregiak, era guztietako drogak eta bular handiko neskak dituena. Zakilaren eta pistolaren tamaina dira kezkatzen dituen gauza bakarra eta, bere “kolegak” kenduta, etsaiez inguratuta bizi da. Hori ote da soilik Hip-Hopa? Noski ezetz. Horrelakoak egonda ere Hip-Hopa hori baino askoz gehiago da. Hip-Hop mugimendua AEBtako auzo txiroetan jaio zen eta auzo txiro horietako egoera larria islatzen du (miseria, drogak, bortizkeria, e.a.) baino horrek ez du esan nahi giro hori kantuen bidez azaltzen duten rap abeslari guztiak horrelakoak direnik. Ezta gutxiago ere. Askorentzat Hip-Hopa izan da (eta da) sentitzen dutena espresatzeko modu bakarra; bizi duten egoera gordina salatu eta egoera horri irtenbidea bilatzeko saiakera. Aldaketarako eta iraultzarako tresna.

HIP-HOP EGUNA
Topikoekin apurtu eta Hip-Hop mugimendua bere osotasunean erakusteko saiakera da Hip-Hop eguna. Horretarako teoria eta praktika uztartzen ditugu. Teoria, Hip-Hoparen sorrera eta garapenarekin eta praktika Hip-Hop mugimenduaren osagai desberdinak praktikan jarriaz; hau da, breakdantza, grafitti eta scratcharen teknikak erakusten dituzten tailerren bidez. Doakoak eta irekiak parte hartu nahi duen guztiarentzat. Tailerrekin batera erakustaldiak ere antolatzen ditugu, osagai bakoitzean adituak direnekin. Rap musikari dagokionez, mikrofono irekiaren bidez, rap musika egiten eta abesten hasi diren gazteei, baldintza tekniko duinetan (mikrofono, bafle, monitore, e.a) jende aurrean aritzeko aukera ematen zaie.
.jpg)
Daddy Jeff. Selektah-ko abeslari eta disko jartzailea. Ezin falta Hip-Hop egunean...
Orain arte egin ditugunak oso harrera ona izan dute. Dena den, abeslarien tartean, gazte gehienak gazteleraz abesten dute, ziurrenik, estatuko rapa modan dagoelako eta hori delako gehien jasotzen dutena. Hemendik, deialdi irekia egin nahi dugu, euskaldunak diren abeslariek euskaraz abestu dezaten. Selektah Kolektiboak eta M.A.K. taldeak euskaraz rap txukuna egitea posible dela erakutsi digute. Abeslari euskaldunen bila gabiltza...

Gaztetxoekin break tailerra...
ARITZ SOUND SYSTEM